Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Cultura

Dorothy Parker-en ipuin alaitsuak eta Danilo Kis-en gogoeta ilunak 'Literatura Unibertsala' bilduman

Idazle bion ipuin-bilduma bana itzuli dute, hurrenez hurren, Mirentxu Larrañagak eta Monika Etxebarriak

N.A.

Sábado, 25 de febrero 2006, 01:00

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

DONOSTIA. DV. XX. mendeko une garrantzitsu berberak bizitzea tokatu bazitzaien ere elkarren artean oso desberdinak diren Dorothy Parker estatubatuarraren eta Danilo Kis serbiarraren ipuin-bilduma banari eman dizkio hurrenez hurren 116. eta 117. aleak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta EIZIEren arteko ekimena den Literatura Unibertsala bildumak.

Bi emakumeren esku egon da oraingoan iragan mendeko autore horien lana euskarara ekartzea. Mirentxu Larrañaga Sueskun (Azkoitia, 1966) arduratu da hainbat hamarkadaz New Yorkeko «party»-etan ezinbestekoa zen Dorothy Parker idazlearen hamasei ipuin euskaratzeaz eta Hona hemen gu biok izenburupean eskaintzeaz.

Eleberri mota berezitzat ere har daitekeen Danilo Kis-en Hildakoen Entziklopedia kontakizun bilduma Monika Etxebarriak (Deustua, 1963) itzuli du. Itzultzaile biek, gainera, orain arte Literatura Unibertsala bilduman itzulitako lanik ez zeukaten idazleengana hurbiltzeko eta haien lanak hobeto ulertzeko guztiz lagungarriak diren hitzaurre moduko bikainak taxutu dituzte.

Mirentxu Etxeberriak Dorothy Parker-i berari zuzendu zion egindako lanaren berri emateko orduan irakurri zuen testua. Horrela azaldu zuen euskaratu dituen ipuinak hainbat kazeta eta aldizkaritan eman zituela argitara, 1927tik 1938ra bitartean. Horrela ekarri zituen gogora Parker-en ausardia, lanerako grina, izaera aurrerakoia, umore zorrotza, izakien muinera iristeko zuen gaitasuna, zein sakon jotzen zuen azalkeria eta arintasun itxura eman arren... Tankera bertsukoak dira Parker-en ipuinak: alaitsu eta biziak itxuraz, garratz eta ironia handikoak, funtsean, pelikuletatik-eta ezaguna egiten zaigun XX. mendearen aurreneko hamarkadetako New York dotore eta festazalean girotuak.

Ezezagunak ditugu, berriz, literatura eslaboko idazleak, Danilo Kis-en Hildakoen Entziklopedia itzuli duen Monika Etxebarriak atzoko aurkezpen ekitaldian gogorarazi zuen bezala. «Exotismo puntu bat badu kontatzen duenagatik -azaldu zuen- baina exotismo hori ez da Kis-en lana interesgarri egiten duen gauza bakarra. Kontatzeko era ere oso interesgarria da, tradizio eta ahots asko nahasten baititu».

Garai desberdinetan girotutako bederatzi ipuin eta post scriptum bat biltzen ditu liburuak. Kontakizun bakoitzak kode berezi baten itxura hartzen du eta, itzultzailearen arabera, guztiz heterogeneoak badira ere bada «guztiak lotzen dituen hari bat: heriotza, nahiz eta batzuetan zaila izan antzematea».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios